Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia elkartearen sorrera

zendoia

Erakunde berria sortu da: Gaindegia – Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokia.

Euskal gizarteak dituen gabezien artean, bere lurralde guztiak modu bateratuan aztertzeko tresna falta dago. Gabezia hau nabaria da gai sozio-ekonomikoak jorratu nahi direnean. Ikuspegi nazionaletik demografiaren bilakaera, Barne Produktu Gordinaren aldaketa, prezioen gorakada edota lan merkatuaren egoera nolakoak diren jakitea ezinezkoa da gaur egun, are gutxiago, honelako aldagaiek daramaten bilakaera interpretatzea edota etorkizunerako prospekzioak egitea.

Badauzkagu datu ugari Euskal Autonomia Erkidegoaren bilakaera sozio-ekonomikoa ulertzeko, badaude ere Nafarroari dagozkionak, zailagoa da Iparraldeko datu adierazgarriak lortzea, baina edozein modutan, existitzen denean ere, esparru desberdinetako informazioa homogenoa ez denez, oso zaila suertatzen da Euskal Herriko ekonomia eta gizartegintzako azterketa duinak egitea ikuspegi orokorraz.

Aurrekoaz gain, alor ekonomikoan zeresana duten eragileak ere sakabanatuta daude: enpresariak lurraldeka antolaturik daude, eta ez dago haien interesak modu bateratuan defendatuko dituen erakunderik, antzekoa gertatzen da sindikatuekin, ekonomilariekin, eta abar. Bakoitza bere lurralde eremuan aritzen da, ikuspegi nazionalari heldu gabe.

Honetaz jabetuta, duela urte batzuk hainbat pertsonak ekin zioten arazo honi irtenbideak bilatzeari. Unibertsitatean diharduten ekonomilariak eta bestelako ikerlariak, sindikatuetako arduradunak, hainbat enpresetako nagusi eta goi karguak, komunikabideetako ekonomia saileko kazetariak eta beste zenbait profesional izan ziren proiektu honen lehen urratsak ematen hasi zirenak.

Zeuden beharrak identifikatu ondoren, erakunde berri baten eraketa ezinbestekotzat ikusi zen. Erakunde hau Gaindegia da eta hiru helburu nagusi ditu:

  • ekonomia eta gizarte gaietan, nazio mailan dagoen informazioa eta datuak bildu, informazio guzti hori prozesatu eta beharrezkoa denean osatu, aldagai makroekonomikoen (KPI, BPG, langabezia-tasa,...) balioak kalkulatu eta gizarteari eskaini,... Horretarako nazio mailako estatistika-zentro baten beharra legoke, hala nola ikerketa gune bereizi bat.
  • arlo sozio-ekonomikoetan aritzen diren eragileak Euskal Herri mailako elkarteetan biltzen saiatu: direla enpresarien elkarteak, sindikatuen arteko lankidetza-tresnak, ekonomilarien elkargoak, eta antzekoak bultzatuaz. Epe luzeago batean, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialen antzeko egitura sor liteke horrelako egiturak koordinatuz.
  • Euskal gizartean, erreferentziazko erakundea bihurtu, ekonomia eta gizarte gaiei buruzko eztabaida kalera eramanez, hitzaldiak, ihardunaldiak eta antzekoen bidez, esaterako.

Gaindegiaren talde sustatzaileak urte honetako maiatzean zabaldu zuen proiektuaren ideia, eta harez geroztik erakundea sortzeko urratsak eman dira: lehen bazkideak lortu, erakundea legeztatu, egoitza bilatu,...

Gaindegiak badu Zuzendaritza talde bat, gorago aipatu diren esparru desberdinetako pertsonek osatua –sindikalistak, enpresariak, ekonomilariak, kazetariak,...– eta haietatik lauk Idazkaritza Iraunkorra osatzen dute (une honetan Idazkariaren postua bete gabe dago, horretarako aukeratutako Manu Aranburu EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kidea duela gutxi zendu baitzen auto istripuan).

Gaindegiaren sortze-biltzarrak, Zuzendaritzak proposatutako honako irizpideak onartu zituen, elkartearen ibilbidea gidatzeko:

  • Gaindegia erakunde aske eta burujabea izango da, esparru sozio-ekonomikoan eragin dezaketen gainerako agenteekiko. Hau bermatzeko autofinantziazioa bultzatuko da kudeaketari dagokionean.
  • Diru irabazirik gabeko elkartea izango da, eta jatorri desberdinetako kideei irekia.
  • Gaindegiak ez du beste inolako erakunderik ordezkatzeko asmoa, baizik eta gaur egun daudenekin elkarlanean aritzekoa.
  • Bazkideak pertsona fisikoak izango dira, eta elkartea “pertsona bat, boz batâ€? irizpidearen arabera gidatuko da.

Gaindegiak urtarrilean egingo du bere aurkezpen soziala, bere helburuak gizarteratzeko eta bazkidetza-kanpaina bati ekiteko. Gauzatutako lehen urratsa web-gune bat sarean jartzea izango da, orain arte bildutako Euskal Herriko datu sozio-ekonomikoen datu-base batekin. Hortik aurrera lan handia dago: datozen urteetarako egitasmoak finkatu, haiek burutzeko baliabideak lortu, erakundean lanean aritzeko pertsonala kontratatu,... hau guztia Euskal Herriko garapen ekonomikoa ulertzeko ezinbestekoa izango den erakundea finkatu eta sendotzeko asmoz.

pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain