Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Lurralde Antolamendua 2007

Euskal Herria aspaldi-aspalditik gizakiak populatutako lurraldea da. Gure kobazuloetan, mendi magaleko mairu-baratzetan, meategietan, bideetan, gaztelu eta gotorlekuetan, elizetan, baserrietan, kai eta portuetan, eta azpiegitura garaikideko lantoki, autopista, eraikin eta aireportuetan, guztietan, bertako biztanleen lurraldearen gainean utzitako aztarnak ikus ditzakegu. Lur-ama, aitaren etxea, lurraldea, eta lurralde-antolamendua, gure bizitza eta izanaren sorburua da.

Antxon Lafontek iradokitzen duen moduan, Lurralde-antolamendua, funtsean, gizakiaren behar-izana da. Lurrak bizi gaitu, lurrean bizi gara eta gure bizitza hobetzeko, ustez, lurraldea eraldatzen dugu. Bostehun urte baino gehiago gure hiri eta udalerri printzipalak fundatu genituela, lurra okupatu, errekak eta ibaiak kanalizatu, padurak idortu, muinoak eraitsi, basoak desagerrarazi… Gure lurraldeari itxura aldarazi diogu, erreketako bizitza akabatu, landaretza aldatu, iturriak agortu, meategiak hustu, lur-sail zabalak porlanez eta asfaltoz estali. Bertako animali eta landare batzuk desagerrarazi ditugu eta trukean arrotzak ekarri. Airea zikindu eta urak pozoitu ditugu.

Orain, berandu ote? Ohartzen ari gara lurraldearekiko oreka hautsi dugula, gehiegi zigortu dugula eta garesti ordainduko dugula. Lurraldearen ustiaketan mugaraino iritsi gara edo, agian, muga jada gainditu dugu.

Ehun urtez, XVIII. mendetik hasita, harrotasunez, harrokeriaz ziur asko, zonalde industrialak eraiki ditugu betiko izango zirelakoen ustean. Industrializazio desordenatuaren ostean, berriz, eraispen industrial basatia eta haren ondoren zerbitzu-gizartearen azpiegiturak eraiki ditugu. Hori guztia azken berrogei urte apur hauetan. Titanio distiratsuzko geruza mehearen azpian kai industrialak, ontziolak eta lantegi ezin modernoagoak estali ditugu. Eta haien azpian padurak, belardiak eta basoak. Aldaketak, etengabeko aldaketak, baina askotan urradurak, arraildurak eta atzeraezineko kalteak.

Esan genezake, gehiegi erratu gabe, gure buruzagi eta politikarien erantzukizuna dela egindako guztia. Onerako eta txarrerako. Baina horrek ez dakarkigu kontsolamendu handirik. Ikasi dugu, ikasi edo, dena ezin utz daitekeela politikarien eskuetan. Ez, soilik, hango edo hemengo kolorekoak direlako. Gizarte Zibilak politikariek baino luzerago jokatzen duela ikasi dugulako, politikariek joko laburrean ari direla beti botere-gosea urte bakan batzuen buruan ase daitekeelako. Eta Gizarte Zibilaren xedea, ostera, boterea baino biziraupena dela. Ez dugu esaten Gizarte Zibila eta Gizarte Politikoa berez elkarren aurkariak direnik. Ez dugu hori esan nahi. Esan nahi duguna da Gizarte Politikoak ezin bazter dezakeela Gizarte Zibila.

Lurralde Antolamendua, bada, Euskal Herriaren biziraupen eta garapenerako funtsezko lanabesa da. Jasangarritasuna bere dimentsio guztietan, ingurumenean, sozialean, ekonomikoan eta abarrean lortu ahal izateko Lurralde Antolamendua da giltzarria. Baina, batez ere, Lurralde Antolamendua Euskal Herriko lurraldeen arteko kohesioa areagotzeko tresna izan daiteke.

Gauden egoeran gaudela Euskal Herrian aukerak badauzkagu eduki Lurralde Antolamenduan urratsak egiteko. Egia da, errealitatea gatazkatsua eta zaila dela, zatiketa eta administrazioen sakabanaketak ez duela laguntzen. Halere, udaletatik hasita lan handia egin daiteke.

Gaindegia Euskal Herria ezagutzeko eta ikusarazteko sortu genuen. Datuak biltzea eta ezagutaraztea izan da, eta da, Gaindegiaren eginkizunetarikoa, ez bakarra, ostera. Gogoeta eta eztabaidari garrantzia handia eman diogu hasiera-hasieratik. Ildo horretan, Lurralde Antolamenduaren gaineko gogoeta eta eztabaida, gure ustez, izugarri garrantzizkoa da. Printzipioz gaiari ikuspegi zabaletik heldu nahi izan diogu. Hau da, Lurralde Antolamendua bere adiera zabalenean aztertu nahi izan dugu. Ez, bakarrik, lurraldearen gestio hutsaren ikusmiratik, ez, soilik, ikuspuntu ekonomikotik, edo ingurumenetik.

Lurralde Antolamenduaren ikuspegi holistikoa landu dugu, dimentsio askotarikoa, ingurumenekoa, ekonomikoa, gestiozkoa, bai, baina baita ere, soziala, kulturala, antropologiakoa eta hizkuntzakoa. Helburua, betiere, Euskal Herria osotuagoa eta kohesionatuagoa izan ahal izateko. Atalez atal, ingurumenaren degradazioa eta azpiegitura erraldoien inpaktua oso kezkatzekoak dira. Kezka horiek, ordea, ingurumari zabalagoan ulertu beharko genituzke, Euskal Herriko gizarte eta garapenaren bilakabidean, alegia.

Ingurumenaren oreka eta zaintza oso loturik doazkie, gure ustez, faktore sozial eta ekonomikoei. Pairatzen ditugun desorekak bideratu ahal izateko lurraldeen arteko elkartasuna eta kohesioa sustatzea beharrezkoa da. Eztabaida da, gure aburuz, ez da zein udalerritan kokatzen dugun erraustegia, nondik igaro behar duen abiadura handiko garraiobidea edo zein tamaina behar duen herrialde jakineko portua. Euskal Herriaren behar izanek arduratzen gaituzte, bere osotasunean. Txinako tximeletaren hegaldiak ekaitzak ekar ditzake Europako iparraldera, baliteke. Pinpilinpauxaren efektuak kezkatzen gaitu, nola ez, baina etxean bertan baditugu bestelako efektuak aztertzeko eta zuzentzeko. Gaude, Bizkaian egiten denak Zuberoan eragiten duela, Nafarroa Beherean landatzen diren transgenikoen eragina Nafarroa Garairaino iristen dela edota Arabako lautadan logistika-egitura erraldoia Irungo mugan, hala edo hola, sentitzen dela.

Aipatu horiek guztiek, eta gehiagok, gure eguneroko bizimoduan eragiten dute, gure ohiturak aldarazi eta gure gizartea eraldatu. Eta aitzitik, gure ohituren aldaketak, gure gizartearen eraldaketak lurraldea modu jakinean ustiatzea eta eraldatzea dakar. Ez dago bereizterik. Edozein kasutan, gure esku dago gauza horiek holakoak edo halakoak izatea. Ez dugu patuan sinesten, gure etorkizuna ez dago idatzita. Gertuko adibidea daukagu azaltzeko gauzak, batzutan, ez direla espero daitekeen moduan, euskararena. Ia mende t’erdi dela adituek fundatuzko arrazoiak eman zizkigula euskara desagertuko zela ikusarazteko. Arrazoia omen zuten baina euskara ez da desagertu. Gauza izan bagara euskara mendebaldetik ekialdera eta iparraldetik hegoaldera biziaraztea eta biziberritzea, muga eta zailtasun guztien gainetik, antzera egin dezakegu beste esparru batzuetan.

Esanak esan, Lurralde Antolamenduaren inguruko gogoetak, Euskal Herriko ekonomia eta gizartearen garapenaz ari garela, oso ekarpen interesgarriak ekar ditzakeelakoan gaude.

Iruñea 2007
Xabier Isasi Balanzategi
pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain