Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2008: Urteko Ikerketak- Mugaz bestalde lan egiteko aukerak

MUGAZ BESTALDE LAN EGITEKO AUKERAK
  • Izenburua: Lan mugikortasunari buruzko delphi azterketa Baiona-Donostia euro-hiriaren baitan

  • Argitaratzailea: Gaindegia

  • Egilea: GAINDEGIA eta Aztiker

  • Hizkuntza: euskara

  • Orrialde kopurua: 64

  • Argitaratze data: 2008

  • Non eskuratu: www.gaindegia.org

Baiona-Donostiako herritarrentzat mugaz bestaldean lan egitea aukera bideragarria eta erakargarria izango al da? Galdera horri erantzun asmoz hainbat aditurengana jo du Gaindegiak.

Mugaz bi aldeetako hamaika adituri eskatu diote iritzia. Batetik, Hegoaldeko lan merkatua dinamikoagoa eta handiagoa izanda eta, bestetik, langileen mugikortasuna Lapurditik Gipuzkoara izateko aukerak handiagoak izango direlakoan, elkarrizketa gehiago egin dituzte Iparraldean.

Galdera sorta bana igorri diete guztiei eta euren erantzuna aztertu ostean atera dituzte txosteneko ondorio nagusiak.

Baiona-Donostia euro-hiriak aukera ugari zabalduko ditu mugaz bestalde lan egiteko. Bat datoz horrekin aditu guztiak.
Europako Batasunetik iritsitako joerak ere lagungarriak izango direla uste dute gehienek, gainera, bi arrazoigatik. Batetik, Lisboako Estrategiak Hegoaldeko lan merkatua erakargarriago bihurtzen lagunduko dutelakoan daude. Orain, Hegoaldeko lan merkatua dinamikoa izan arren, bertako lan baldintzak eskasegiak dira mugaz bestaldekoentzat. Baina aditu batzuen ustez Europako Batasunak sustatutako ezagutzaren ekonomiara salto egiten bada, kalitatezko lanpostuak sortuko dira, eta horrek sendotu egingo du erakargarritasuna. Halere, epe laburrera Lisboako Estrategiak eraginik izango ez duela uste duten adituak ere badira.

Bestetik, Bruselatik bultzatzen ari diren harmonizazio politikak lagungarriak dira, oztopo administratiboak gainditzera baitatoz hein handi batean. Mugen arteko lankidetza eta mugikortasuna bultzatzea da Europako Batasunaren helburuetako bat, eta horrek abantailak ekarriko ditu. Halere, administrazioek behar adinako ahalegina egiten ez duten ustea gailentzen da. Batzuek Hegoaldeko administrazioaren borondaterik ezari egozten diote errua; besteek, Iparraldekoari; eta gainerakoek, biei.

Baina muga administratiboak bezain garrantzitsuak dira muga psikologikoak eta kulturalak, baita Lapurdi eta Gipuzkoako biztanleen artean ere. Identitate komun bat egon badago mugaren bi aldeetan, baina pentsamendu kolektiboan mugaz beste aldean dagoena ez da existitu ere egiten gehienentzat. Lan postuak bilatzean, ikasketak aukeratzean… geografikoki kilometro batzuetara soilik dagoen errealitate hori ez da kontuan hartzen.

Muga horiek guztiak gaindi daitezke. Aldaketa, ordea, motela iragartzen dute, eta guztion lana eta inplikazioa ezinbestekoa izango da. Egoera politikoak eta ekonomikoak prozesua bizkortuko luketela diote batzuek: Euskal Herriaren egituraketan aurreratuko balitz, nabarmen ekarriko luke mugikortasuna handitzea, eta ekonomian hobekuntza edo krisi bat egongo balitz ere, bizkortu egingo litzateke prozesua.

Egoerak egoera, beste hainbat faktoretan ere aurrerapausoak eman beharko dira, dena den. Argi dute adituek: hizkuntza politika, hezkuntza sistema, mugaren alde batetik besterako garraio publikoa… horiek guztiak mugaz bestaldeko lan merkatura begira egokitzea ezinbestekoa izango da mugaz bestalde lan egitea bideragarri eta erakargarri izan dadin.

Amaia Elizagarateren zuzendaritzapean egin da azterketa, eta landa lana Eneko Gorrik eta Lur Etxeberriak egin dute. Ikerketa Gaindegiak eta HEMEN elkarteak euro-hiriaren lan merkatua aztertzeko elkarlanean egindako lan zabalago baten atal bat da eta Akitania- Euskadi diru-funtsaren laguntza jaso zuen.

Pdf-an GAINDEGIA TXOSTENA 2008ko edukia.

pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain