Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2008: Urteko Ikerketak- Lurralde Antolamenduak izan beharko lukeena

LURRALDE ANTOLAMENDUAK IZAN BEHARKO LUKEENA
  • Izenburua: Lurraldearen antolamendua: zer den eta izan beharko lukeenari buruzko zenbait ideia.

  • Argitaratzailea: Manu Robles-Arangiz Institutua

  • Egilea: Lasagabaster Herrarte, Iñaki

  • Hizkuntza: euskara/gaztelania

  • Orrialde kopurua: 56

  • Argitaratze data: 2008

  • Non eskuratu: http://www.mrafundazioa.org

Lurralde Antolamendua politikariek eta gizarte eragileek hitzetik hortzera erabiltzen duten terminoa da. Baina herritar askok ez daki zehazki zer den eta ez du ezagutzen Euskal Herrikoa nolakoa den, nahiz eta susmatzen duen gauza asko ez direla behar bezala egiten.

Susmo horiek baieztatzera dator lan hau. Euskal Herriko Lurralde Antolamendu politika ulertzeko moduan azaldu eta bere hainbat akats eta kontraesan agerian uzten ditu, kasu praktikoen bitartez.

Manu Robles-Arangiz institutuak kaleratu du lana, eta Iñaki Lasagabaster Herrartek idatzi.
Energia eta parke eolikoen eraikuntza politikan, Elgeako parke eolikoaren kasuan izandako ezbaia da aipatzen duen adibideetako bat. Azalera handien kasuan Gorbeia merkataritza gunearekin gertatutakoa aztertzen du. Eta Bastidako Golf zelaiaren kasua ere aipatzen du, besteak beste. Euskal Herrian ere hirigintzaren funtzio publikoan pribatizatzea eta etxebizitzen politiketako ilun eta itzalak egon badaudela erakusten du azterlanak.

Kasu praktiko horiek behar bezala ulertzeko egileak lanaren lehen zatian beharrezko azalpen teorikoak ematen ditu, eta horri esker, ulergarriagoa egiten da azterlana. Horretarako, Lurralde Antolamendua zer den zehaztasunez azaltzen du aurrena. Kontzeptua ikuspuntu juridikotik aztertzen du, Lurralde Antolamendu arauen bilakaera nolakoa izan den azaltzeko, gaur egun Europan erabiltzen den definiziora iritsi arte.

Azalpen teorikoekin jarraituz, Euskal Herrian Lurralde Antolamenduak izandako bilakaera ere adierazten du bigarren zatian. Horretarako, Euskal Herriko Lurralde Antolamendu hori arautzen duten arauak aztertzen ditu, lurraldeen arteko desberdintasunak agerian uzteko. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroa Garaian eta Iparraldean arau ezberdinek xedatzen dute Lurralde Antolamendua, eta lurralde guztiak hartzen dituen administrazio antolakunderik edo egiturarik ez dagoenez, ezin da Lurralde Antolamendurik taxutu, ezta orientabide gisa ere. Hala ere, azterlan honek agerian uzten du arau ezberdinak izanda ere, arazoak edo gabeziak administrazio guztietan daudela.

Egungo politiken ilun eta itzalak mahai gainean jarri baino gehiago egiten du, ordea, lanak. Euskal Herriko Lurralde Antolamendu politikaren akats horiek argitzeko ideiak ere biltzen ditu. Horretarako, honako proposamen hauek egiten ditu: batetik, Lurralde Antolamendurako beharren eta egoeren araberako plangintza orientagarri eta lotesleak ahalbidetzeko tresnak eratzeko premia nabarmentzen du. Horrekin batera, benetako demokrazia eta eraginkortasuna bermatzeko moduko informazio eta parte hartze sistemak antolatzea ezinbestekotzat jotzen du, baita Lurralde Antolamenduan eta hirigintza arloan hartzen diren erabakien ondorioak aztertzea ere. Azkenik, Lurralde Antolamendurako politika eta ingurumen politika indartzea ere beharrezkoa iruditzen zaio.

Euskal Herriko Lurralde Antolamendu politikak aldatzeko premia agerikoa da, beraz. Arauen definizio eta zehaztasun eskasiaren ondorioz, eta bere funtzio publikoaren benetako izaera alde batera utzi izanak ekarrita, ilunera bidean ikusten du egungo politika, eta errotik aldatzeko eskaera egiten du egileak.

Pdf-an GAINDEGIA TXOSTENA 2008ko edukia.

pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain