Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2008: Urteko ikerketak- Iparraldearen argazki ekonomikoa

IPARRALDEAREN ARGAZKI EKONOMIKOA
  • Izenburua: Ipar Euskal Herriko eta bere lurraldeen egoera ekonomikoa

  • Argitaratzailea: Chambre de Commerce et d´Industrie Bayonne Pays-Basque

  • Egilea: Chambre de Commerce et d´Industrie Bayonne Pays-Basque

  • Hizkuntza: frantsesa

  • Orrialde kopurua: 80

  • Argitaratze data: 2006

  • Non eskuratu: www.bayonne.cci.fr

Euskal Herriko ekonomiaren nondik norakoak ikertzean beti agertzen da zailtasun bat: lurraldea hainbat administraziotan banatuta dagoenez, datu bateratuak eskuratzea gaitza izaten da. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen kasuan bereziki ageri da zailtasun hori, hiru lurraldeok administrazio propiorik izan ez, eta estatistika Frantziako Estatuan zentralizatuta egonda, are nekezagoa egiten baita euren berri zehatz eta berezitua lortzea.

Gabezia horri aurre egiten laguntzen du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren lan honek. Ez da zehaztasun osoko ikerketa, baina lurralde horietako ekonomiaren argazki orokorra egiten du, tendentzia nagusietan oinarrituta.Ekonomia horren ahulezia eta erronka nagusiak ere zehazten ditu, etorkizunera begirako estrategia eta erronken azterketan lagungarri.

Herri elkargoen perimetroak hartu ditu erreferentziatzat Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak azterketa egitean. Baina herri elkargo horien perimetroa apur bat moldatu du, jarduera ekonomikoaren arabera.
Honela banatu du aztertutako eremua: CABAB gunea, (Baiona, Angelu, Biarritz, Bidarte eta Bokalek osaturikoa), Aturri-Errobi, Bidaxune, Hazparne, Iholdi, Amikuze, Zuberoa, Garazi-Baigorri, Iparraldearen hegoaldea, eta Errobi.

Ikerketak egiteko, berriz, hiru datu base erabili ditu: batetik, INSEEren 2004ko SIRENE datu basea, bestetik INSEEren 2004ko ICS datu basea, eta hirugarrenik, Baionako Ganberaren beraren 2004 Sozietate eta Merkatarien Erregistroa (RCS). Sektoreak banaka aztertzean, beste iturri batzuk ere erabiltzen ditu, besteak beste Frantziar Estatuko, Akitania erregioko eta Iparraldeko UNEDIC estatistika datuak, Akitaniako Merkataritza eta Industria Ganberarenak, eta Turismoko Batzorde Departamentalarenak.

Hiru zatitan banatuta dago argitalpena: aurrenekoan, aztertutako lurralde eremua zehazten du, eta bere ezaugarri sozioekonomiko orokorrak azaltzen ditu. Bigarren zatian, lurralde horietako ekonomiaren azterketa orokorra egiten du, eta azkenik, hirugarrenean, sektore bakoitza zehaztasunez aztertzen du.

Honako argazki orokor hau atera dio ikerketak Iparraldeko ekonomiari.

Unitate ekonomiko gehienak lurraldearen % 10ean kontzentratuta daude, kostaldean.

Sektoreak kontuan hartuta, hirugarren sektorea da nagusi (enpresen % 63), lehen sektorea bigarrena da, (enpresen % 22), eta bigarren sektoreak du pisu eskasena (enpresen % 15).

Aktibitatea kontuan hartua, nekazaritza eta arrantzarena da nagusia (% 22), txikizkako salmenta eta konponketena da bigarrena (% 11,3), osasuna eta gizarte ekintzarena da hirugarrena (% 10,5), eta eraikuntza da laugarrena (% 8,7). Aktibitatea oso kontzentratuta dago, eta nabarmena da industria jardueraren eskasia. Ikerketak eta garapenak oso indar gutxi dute. Enpresa txikietan oinarritutako ekonomia da. Enpresen %56,7k ez dute soldatapeko langilerik, mikroenpresak % 91 dira, eta enpresa handiak oso gutxi dira (26.400 enpresatatik 83 bakarrik). Barnealdean ugariagoak dira enpresa txikiak kostaldean baino.

2000. urtetik 2004. urtera bitartean enpresa berrien sorrera ugaritzen joan da. Euretako % 56k bost urteko biziraupena dute. Enpresaburuen adinari dagokionez, Frantziako Estatuko bataz bestekoa baino gazteagoak dira Iparraldeko enpresariak.

Ekonomiaren abantaila nagusiak

50 langiletik gorako 125 enpresetan 15.500 langilek egiten dute lan. Hamabi enpresa euren merkatuko lider dira. Atzerriko enpresa kapitaldunak oso gutxi direnez, finantza autonomia handia dute bertako enpresek.

Ipar Euskal Herriko enpresek erabakitzeko duten ahalmena handia da. % 86tik gora dira euren egoitza soziala bertan dutenak.

Pdf-an GAINDEGIA TXOSTENA 2008ko edukia.

pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain