|
Petrolioaren prezioak marka markaren atzetik
ezarri ostean, erregaien eskasiari buruzko kezka
gizarte osora hedatu da. Petrolioa ez ezik, energia
mota guztiak direla urri erakusten du, ordea,
ikerketa honek, eta eskasia handiagoa iragartzen
du etorkizunerako. Energia eredua aldatzeko unea
iritsi da.
Energiaren gaia modu sakonean aztertzen da.
Ikerketak eduki teknikoak jasotzen ditu, baina aldi
berean, energiaren auzia ulertzeko beharrezkoak
diren gaiak ere azaltzen ditu, modu ulerterrazean. |
|
Nazioarteko datuak dira erreferentzia nagusia, baina
Euskal Herriko egoeraren argazki orokor bat egitea
ere lortzen du, nahiz eta Lapurdiko, Zuberoako
eta Nafarroa Behereako egoeraren azterketetan hutsuneak
ageri.
Egun erregai
fosilei esker bizi da
gizartea, eta nahikoa
petrolio, gas
natural eta ikatz badela uste
da. Baina hori horrela ez dela
erakusten du ikerketak. Petrolioa
da horren adibidea:
munduan, eskuragarri, 1,4
bilioi eta 2,3 bilioi upel bitartean
daudela diote azken
aurreikuspenek. Baina
kontuz, horren erdia
amaitzea nahikoa
da-eta larrialdi energetikora
hurbiltzeko, eta une hori iristear dagoela ohartarazten
du argitalpenak.
Egoera horretan, energia berriztagarrien gain jarri
dute esperantza askok. Alternatiba egokia da, baina egilearen
ustez horiek ere ez dira erabateko soluzioak. Fluxu
berriztagarriak agortezinak dira, baina naturaren
mende daude, eta natura aldakorra eta aurreikusezina
da. Ondorioz, energiaren produkzio osoa berriztagarrien
gain uztea ezinezkoa da, eta gainerako energia fluxuen
beharra, ezinbestekoa. Gainera, energia berriztagarrien
ustiapena modu masiboan egiteko inbertsio izugarriak
behar dira.
Euskal Herriaren egoera energetikoa ez da oso bestelakoa.
Energia kontsumo maila oso altua da bere ekonomiaren
izaera eta populazio dentsitatea dela medio, batik
bat Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian.
Bertako administrazioek ere berriztagarrien aldeko apustua
egin dute, baina oraindik ere ekoizpen berriztagarriak
eskari primario osoaren %6,6 soilik estaltzen du.
Horrez gain, buruaskitasun elektrikorik
ez dute euskal lurraldeek. Araban,
Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako,
elektrizitatea sortzeko, gas naturalaren
aldeko apustu sendoa egiten dute
agintariek. Baina gas natural hori kanpotik
ekarritakoa da, eta lurralde horietako
sarea guztiz integratuta dago
Espainiako Estatuan. Nafarroa Garaia,
berriz, Europako eredu izan da energia
berriztagarrien sektorean, eta
2005ean bertako kontsumoaren %65
bertako ekoizpen berriztagarriek
hornitzen zuten. Baina kontuan hartu
behar da Nafarroa Garaiko sistema
elektrikoa Espainiar Estatukoan
guztiz txertatuta dagoela, eta haren
mende dagoela. Eta Lapurdiko,
Zuberoako eta Nafarroa Behereako
energia politika Parisko gobernuaren mende dago, erabat.
Energia urriko etorkizunean, energia alternatiboek zeresan
handia izango dute, hortaz. Euskal Herrian, aurreztearen aldeko
baldintzak badira: herri txikia izanik, gizartea kohesionatuagoa
eta orekatuagoa dago, ez dago megahiririk, eta golf resort
eta etxebizitza atxikietan oinarritutako gizarte eredua ez
dago hain hedatua. Krisirik ez, baina, trantsizio luze bat iragartzen
du ikerketak egoera berrira egokitzeko. |
|
Pdf-an GAINDEGIA TXOSTENA 2008ko edukia.
|
Irakurri beste azterketak.
Menu orokorrera itzuli.
| Txostena | Tamaina |
|---|---|
| GT08_Azterlanak_EnergiaAurreztu.pdf | 996.97 KB |
463 irakurketa




