![]() |
Baiona-Donostia euro-hiriaren lan-merkatuaren azterketarako,
Philippe Arretz-ek, Euskal Herriko Garapen
Kontseiluko eta Hautetsien Kontseiluko Zuzendari
laguntzaileak bere iritzia eman zuen gaiaren
inguruan. Jarraian, Gaindegiak 2008an egindako
elkarrizketaren laburpena duzue.
|
Euskal Herriko Garapen Kontseiluko eta Hautetsien Kontseiluko Zuzendari Laguntzailea |
|
Lehenik, komeni da “lan-merkatua” hitza erlatibizatzea,
ez baita erabat aproposa.
Argiro adierazitako, eskaintza eta eskaera dinamika badago
bakarrik hitz egin daiteke “merkatuaz”. Baina hori ez da errealitatea.
Baionako aglomerazioari dagokionez, adibidez, ezagutzen
al dugu, zehazki, eremu horretan dagoen lan-eskaintza? Egiazko
eskaintza, alegia? Enpresariek ezagutzen al dute bezeroek, etorkizuneko
langileek, eskatzen dutena? Haiek itxaro dutena? Gaur
egun, Enplegurako Nazioko Agentzia (ANPE) da eskaintza eta eskaera
argi ezagutzen dituen gune bakarra, eta horrek “lan merkatuaren”
herena baino gutxiago hartzen du barne.
Errealitatea are konplexuagoa da euro-hiriari –mugaz bestaldeko
eremuari- dagokionez: aipatu bezala, osatugabeak diren
bi merkatu egoteaz gain (Iparraldekoa eta Gipuzkoakoa), ez
dago argi “mugaz bestaldeko lan merkatuaz” hitz egin daitekeenik.
Ezagutzen al dugu langileen eskaera (edo itxaropenak) mugaz
bestalde lan egiteko aukerekiko? Enpresariek beste lurraldeko
langileei eskainitako nahikoa lanpostu badaude?
Mugaz bestaldeko errealitatearekin harremana duten lan batzuk
badira, noski (merkatua Iparraldean edo, oro har, hexagono
osoan garatzearren, Gipuzkoako enpresaren batek kontratatutako
saltzaileren bat…). Baina, batez ere, “mugaz bestaldeko
langileak” daude; hau da, “alde batean” lana egitea eta “beste
aldean” bizitzea erabaki dute, sarri, arrazoi pertsonalak, familiarrak
edo ekonomikoak direla medio: Hegoaldean izandako
etxebizitzaren krisiaren ondorioz, “espainiar” askok (nahita erabili
dut hitz hori, frantziar
eremuko biztanleek
erabiltzen dutena
baita) Frantziako Euskal
Kostaldean inbertitu du.
Hendaiako biztanleen
%50 ere izan daitezkeela
jotzen da.
Baina, lanarekin gertatzen
den bezala, kasu
horretan ere ez dugu
datu zehatzak ezagutzeko
tresnarik. Gai honi
buruzko ikuspegiek (nireak,
besteak beste) behaketa orokorrak
izan ohi dituzte oinarri, baita intuizioa ere…
Hala ere baiezta genezake, mugaz
bestaldeko “lan merkatua”, oro har, azpigaratua
dagoela euro-hirian: zoritxarrez,
oraindik ez da batere ohikoa “beste
aldean” lan egitea. Baina bi merkatuak
osagarritzat jo genitzake (ekonomia
egiturak eta giza baliabideen beharrak aztertuz
gero): Hegoaldeak industria/teknologia beharrak ditu; Iparraldeak,
berriz, turismo eta eraikuntza beharrak, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, bi merkatu erabat desberdinak dira, bai izaerari,
bai tamainari dagokienez. Batetik, bi milioi biztanleko
eremu bateko lan merkatua (Euskadi) dugu, ekonomia sektore
eta enplegu anitz dituen lan merkatua. Bestetik, 290.000 biztanleko
eremu bateko lan merkatua dugu (Iparraldea), batez
ere hirugarren sektorean oinarritutako ekonomia eta, proportzioan,
enplegu kualifikatu gutxi duen lan merkatua. Gainera,
prestakuntza eskaintza –unibertsitatekoa eta teknologikoa, besteak
beste- ezin da alderatu.
Iparraldeko gazteek dilema bati aurre egin behar diote:
asmo profesionalak direla-eta, prestatzera eta lan egitera Frantziara
joateko beharra senti dezakete, jaioterrian bizi nahi izan
arren; baina ez dituzte kontuan hartzen, gaur egun, Euskadin,
prestakuntza eskaintzak eta lan merkatuak eskaini ahal dizkieten
aukerak.
Mugaz bestaldeko mugikortasuna geldiarazten duten oztopo
mordoa ere kontuan izan behar dugu. Oztopo nagusia bi administrazio-sistema eta bi gizarte desberdin izatea da. Antzekotasun
kulturalak eduki arren, beste aldera bizitzera joateak
bizimodua “erro-errotik aldatzea” dakar: beste erakunde batzuk;
informazioa, lan-eskaintzak eta prestakuntzak eskuratzeko
beste modu batzuk; administrazio egoera legalizatu beharra;
gizarte estaldura lortu beharra; telefono linea jarri beharra…
Hau da, eskubide osoko herritar izateko behar den guztia
lortu behar da. Iparraldeko gazte aktibo batek lanera Tolosara
edo Frantziako beste edozein lekutara joatea erabakitzen
badu, berriz, ez ditu bere eguneroko bizitzaren eskemak aldatu
behar lan eta gizarte munduan sartzeko.
Mugaz bestaldeko langileek duten beste zailtasun bat hizkuntzarena
da, noski (gaztelania, euskara… jakitea oinarrizkoa da).
Ez dugu ahaztu behar Euro-hiri euskalduneko atzerapena,
garraio publikoaren antolamenduari dagokionez, mugikortasunerako
beste oztopo bat baita.
Eta azkenik, erakundeei dagokienez, ezin dugu ukatu bi lurraldeen
artean dagoen dezentralizazio maila desberdina (hegoaldean,
Hegoaldea dugu, herri ekintzaren %90 kontrolatzen
duen autonomia eskualdea; iparraldean, Frantziako Estatuaren
eta lurraldeko elkarteen artean oso zatituta daude eskumenak)
oztopo bat dela, besteak beste, erakundeen eta prestakuntza
elkarteen artean izan litekeen elkarlanaren planoan.
Baina Hegoaldeak ez baditu aktiboak (gazteak, batik bat)
erakartzen –prestakuntzari eta irteera profesionalei dagokienez-,
ezin dizkiegu arazo guztiak lan-merkatuari edo erakundeen
antolamenduari egotzi. Lan-merkatuak eta lanarekiko bizipenak
–gizarte-bizitzaren barruan duen adierarik zabalenean ez
dira ez bat, ez bi, anitzak baizik.
Ez da komeni lan-merkatua enplegura eta ekonomiara mugatzea,
besteak beste, bizi-baldintzekin, etxebizitzarekin, prestakuntzarekin,
ingurunearekin, familia loturekin, historiarekin
eta hemen, beste inon baino gehiago, kulturaren eta identitatearen
alderdiarekin ere loturik baitago. Horri dagokionez, Bidasoaren
bi aldeetako itxaropenak benetakoak dira: mugaz bestaldeko
eremu batean bizi eta lan egin ahal izateko itxaropena
eta, biztanle batzuentzat, “Euskal Herria” izeneko euro-eskualdearen
barruan egoteko itxaropena; edo, behintzat, mugitzeko
eta elkartruke sozio-ekonomiko eta kulturalak ezartzeko
erraztasun handiagoa izatekoa. Itxaropen hori nabariagoa da
euskara badakiten gazte belaunaldien artean. Eta arlo horretan
azpimarragarria da zenbait erakundek egindako lana, hala nola
Hezkuntek erakundeak, euskarazko irakaskuntza teknikoa eta
profesionala sustatzen baitu, eta hortaz, gazteak Euskadira mugitzea
errazten baitu.
Baina arlo horretan ere, bi errealitateri eta “kultura ekonomiko”
desberdin bati egin behar diegu aurre. Iparraldeko euskaldunek
barneratuta duten kultura ez dago ekonomia ekoizlera
bideratuta (nekazaritzan izan ezik). Industria batzuk badiren
arren (metalurgia/aeronautika, adibidez), oso gutxi dira ikasketa
industrialak aukeratzen dituzten Iparraldeko gazteak eta,
hortaz, ez daude Hegoaldeko ekonomia egiturara oso “ohituak”.
Bere “nazioari” oso atxikirik dauden gazteek sektore publikoa,
hezkuntza edo erakundeen mundua aukeratzen dituzte, besteak
beste. Euskadin, industria lehen mailako jarduera da, eta
ekonomia egitura ez dago hain zatitua: ETE (Enpresa Txiki eta
Ertainak) garrantzitsuak daude lurralde osoan. Iparraldean, ikuspegi
ekonomikoa bestelakoa da, “frantziarra” oso: ikuspegi administratiboa
eta diruari eta soldatari begira, bestelako harremana
dira nagusi. Hegoaldean, ia hiri eta herri guztietan dago
industria; espiritua ekintzailea da oso. Enpresa “bigarren” etxea
da: lurraldeen eta belaunaldien bizitza markatzen du. Mondragon
Taldea sentimendu horren adibide garbia da: munduko kooperatiba
handienetakoa landako bailara baten erdi-erdian
dago, eta, besteak beste, enpresa espiritua, lurraldea, prestakuntza,
ikerketa eta globalizazioa bat egiten jakin du.
Euskadiko ekonomiak berezko aldaketa lortu du: industria
eta teknologia aldaketa, sektorekako antolaketa (“klusterrak”), mundu osoko merkatuetan integrazioa, unibertsitate eta ikerketa
gune indartsuak, ekonomia kideak…; eta hori guztia “identitatezko
ekonomia” izateari utzi gabe.
Beraz, ekonomia eta enpresa kultura desberdinak dira, neurri
eta enplegu desberdina
dute, eta prestakuntzaren
eta enpleguaren
arteko integrazioa
ere desberdina da.
Integrazio horiek
bistakoak dira gizarte
bizitzan: bizitza ekonomikoa
gizarte bizitzaren
barnean dago. Hegoaldean,
negozioak tabernan
egiten dira oraindik,
espazio publikoa
oso garrantzitsua da eta. Ostera, etxebizitzak txikiak dira eta
lan egiten duten pertsonek denbora gutxi ematen dute haietan.
Iparraldean, kulturak landako tradizioa du oinarri, baita turismoa
ere (Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik, batez ere).
Enpresak (industria aeronautikoa, nekazaritzako elikagaien sektorea
eta banaketa handia izan ezik) oso txikiak izan ohi dira
eta, gehienetan, artisau/merkatari bat izaten dute, eta langileren
bat edo beste zenbait kasutan. Unitate horien %90ek 10
soldatapeko langile baino gutxiago dituzte (%98k 20 baino gutxiago).
Ondorioz, lanari eta enpleguari begirako harremana ez
dator bat Hegoaldean nagusi den logika “industrialenarekin”
(ekonomia ereduen planoan). Gainera, Iparraldean bada beste
zailtasun bat gehiago: hiriari eta industriaren integrazioari buruzko
gogoetak ingurumena babestu nahi duen ikuspegiaren
mende daude. Iparraldeko pertsona aktiboek lehentasuna ematen
diote espazio pribatuari, eta zorrotzagoak dira etxebizitzari
dagokionez –“etxearen” gaineko ondare kulturala-.
Beraz, argi dago “ekonomia kultura” desberdinak direla eta,
azken batean, kultura desberdinak… Adierazpen kultural desberdin
horiek egiazko oztopoak dira, eta lan-merkatuen iragazkortasuna
geldiarazten dute: ekonomia eta prestakuntza sistemen
izaera, prestakuntza/enpresa harremanak, lanaren eta aitorpen
sozialaren ikuspegia, espazio publiko eta pribatuarekiko
harremana, etxebizitzaren irizpideak, etab.
Hori dela eta, erronka nagusia “prestakuntza kulturalarena”
da.
Eta ikuspuntu horretatik, “frantziar aldean” iraultza txikia
egiteke dugula uste dut (gai honen azterketa beste batzuen esku
utziko dut “beste aldean”, Hegoaldean): lanaren, enpresaren
(nolabaiteko maila soziala lortzearen garrantzia, adibidez), espazio
publiko eta pribatuaren, edo habitataren gaineko ikuskeraz
gain, gehien garatu behar duguna “besteekiko harremana”
da. “Frantziar espirituari” beste kultura batzuekiko irekitzea
falta zaio batzuetan (nolabaiteko gehiagotasun ustea ere erakusten
du): beste hizkuntza batzuk ikastea, beste bizimodu batzuengatiko
interesa izatea. Ezezagunari beldurra diogu oraindik
ere.
Gai administratiboak errazteko egingo diren ahalegin guztiek
ez dute lortuko “kanpoan” bizitzeko dugun ezintasuna desagerraraztea.
Izan ere, “kanpo” hori ezaguna bada ere, beste
Estatu batekoa ere bada…
Ezin dugu ukatu oraindik ez dugula elkar ezagutzen, ez dagoela
nahikoa harreman Euro-hiriko biztanleen artean. Ezer gutxi
dakigu besteari buruz: ez nola bizi den, ez nola funtzionatzen
duen bere enpresa munduak… Ez dugu harekiko interes gehiegi.
Frankoren garaian, Iparraldeko biztanleek “espainiarrak” herri
azpigaratua zirela uste zuten. Baina egoera zeharo aldatu zen
1990eko hamarkadan, eta Hegoaldekoek Iparraldeari begiratzen
diote orain… Europako Iparraldeari!
Ikasleen eta langileen mugaz bestaldeko mugikortasuna ez
du dekretu batek sortuko. “Lan merkatuen” arazoaren azpian
gai soziologiko eta kultural anitz dago, besteak beste. Egin ditzakegun
ahalegin guztiak ez dira nahikoak izango. Benetako
iraultza kulturala beharrezkoa da.
Bidasoa ibaiaren bi aldeetan
mugikortasun profesionala izan dadin, aurretik, mugikortasun
kulturala da beharrezkoa.
Beraz, prestakuntza kulturala oinarrizkoa da, eta bere abiapuntua
eskola, elkartrukeak, bidaiak, hizkuntza ikasteko ikastaroak
eta abar dira.
|
|
Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.
|
Irakurri beste analisiak.
| Txostena | Tamaina |
|---|---|
| LanMerkatuaGT08.pdf | 683.59 KB |
527 irakurketa





