Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2008: Adituen Analisia- Michel Garicoix

2008ko bilakaera ekonomikoa Iparraldean:
krisiaren eta iraupenaren artean

2008ko abenduan, euskal herritarrek kezkatuta amaitu zuten urtea: munduko “krisia” heltzear zegoen. Ziurrenik bankuek ere une zailak biziko zituzten, batzuek Europa mailan arazoak baitzituzten jada; horren lekuko da Caisse d’Épargne-Ecureuil erakundearen kasua.
Michel Garicoix
Baionako IUT Unibertsitateko Irakaslea

Horrez gain, 2009. urtearen hasieran langabeziak gora egin zuen. Enpresa batzuk langileak kaleratzen ari ziren. Besteak beste, Hazparneko Alphacan enpresa (metalaren sektorea). Garraiolariek eta merkatari txikiek ez zituzten jada beren aldi baterako kontratuak berritzen…

Egia esan, Iparraldean kolpea ez da aurreikusitakoa bezain suntsitzailea izan: 2008ko urte amaieran langabezia ez zen %7ra iristen, hau da, Akitaniakoa eta Frantziako Estatukoa baino txikiagoa zen. Iparraldeak gogor eusten dio egoerari, horretarako baliabideak baititu: 30.000 bat enpresa; horietatik gehienak ETEak. Bestalde, artisau ugari ditu. Enpresen laurdenek nekazaritzako elikagaien edo egurraren salerosketan dihardute, %17k merkataritzan, %10k bakarrik eraikuntzan eta herri lanetan, %7k ostalaritzan eta beste %7k industrian. Eta %38k zerbitzuak eskaintzen dituzte: osasunarekin edo enpresekin lotutako arreta pertsonaleko zerbitzuak (kontabilitate zerbitzuak, aholkularitza, etab.).

Egitura txiki horiek guztiek primeran egoki ditzakete euren ordutegiak eta langileak eskaeretara. ETEen ahulgunea da, ez dutela funts propiorik eta ez direla nazioarteko merkatuetan egoten, ezta Europakoetan ere. Iparraldeak, ordea, jarduera indartsua duten hainbat sektore ditu aldeko, esaterako, aeronautika eta turismoa. Azkeneko hori, hain zuzen, lurraldearen erakargarritasunari esker: itsasoa, mendia eta nortasun indartsua. Frantziako Estatuko sektore publikoaren presentzia ere garrantzitsua da (aberastasun nazionalaren %20), eta horrek eros ahalmenaren etengabeko hedapena bermatzen du.

Hala ere, ahultasun seinale batzuk ikusten dira honako arlo hauetan:

  • Higiezinen sektorea ez doa gorantz, aurreko urteetan bezala. Eraikuntza berriko etxebizitzak garesti jarraitzen du, baina prezioen goranzko joera eten egin da. Transakzioak %30 jaitsi dira eta higiezinen agentzia askok itxi egin behar izan dute. 2005 eta 2006 artean kostaldean oso bizkor zabaldutako (astean bat) agentziek ere itxi egin behar izan dituzte ateak.

  • Elur-kirolek ere kalteak jasan dituzte. Elurrik gabeko urteetan, kontsumitzaileak funtsezkoak ez diren gauzak baztertzen ditu. Quiksilver-ek (Donibane Lohizune) 2005az geroztik pairatzen ditu Rossignol eskien erosketaren eta ondorengo galduzko salmentaren ondorioak.

Horrek tokiko arazoak krisiaren aurrekoak direla erakusten du, ahaztu gabe nekazaritza, jakina, gogor borrokatzen ari dena bizirik irauteko: esnearen eta ardi haragiaren kotizazioak kalte handiak eragin dituen sektorea izan arren, nekazariak gogor lehiatzen dira beren ustiapenak iraunarazteko. Bien bitartean, inbertsio industrial berrien etorrera iragarri zuten Baionako Portuan. Celsa-France siderurgia taldeak, esaterako, Bokale bi ijezketa fabrika irekitzea aurreikusi zuen. Beltrame italiar enpresak, berriz, alboan beste fabrika bat zabaltzea aurreikusi zuen. Bi ezarpen horiek Baionako Portuko trafikoa indartuko dute. 2008an 3,750 milioi tonako trafikoa izan zuen portuak; aurreko urtean, berriz, 4 milioikoa.

2008an, azkeneko urteetan bezala, etengabeko hazkunde demografikoak eragina izan du Iparraldeko ekonomian eta aurreikuspenen arabera, datozen urteetan bere horretan jarraituko du. INSEEren arabera, 1999an 260.000 biztanle zituen Iparraldek, guztira, eta 2009. urte amaierarako 300.000 izango ditu. Hau da, 40.000 pertsona gehiago, eta ez erretiratuak bakarrik (%20), baita gazteak eta soldatapekoak ere. Non biziko dira? Eta zer-nolako garraio eta aisialdi azpiegitura eta ekipamendu beharko dituzte (eskolak, unibertsitatea, ospitaleak)? Horiek dira, hain zuzen, Iparraldeko 2009rako erronkak.

Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.

pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain