Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2008: Adituen Analisia- Iñaki Elorriaga, Sandra Barrenetxea eta Iñaki Ruiz de Pinedo

Urte gehiago eta hobeto bizitzeak Euskal Herrirako Gizarte Segurantza propioa izatea eskatzen du
Iñaki Elorriaga
Sandra Barrenetxea
Iñaki Ruiz de Pinedo
Euskal gizartearen errealitatearen beste hainbat alderditan bezala, Euskal Herriko erretiratu eta pentsionisten bizi baldintzak ezagutzeko orduan, arazo larriak ditugu behar diren datuak eta informazioa lortzeko. Kontua da ezin dela egin Euskal Herri osoaren azterketarik, daturik ez dagoelako edo datu horiek biltzeko modua estandarizatu gabe dagoelako.

Gure herri osoaren errealitatearen ezagutza sistematikoki ukatzea eta defizit hori konponduko duten mekanismoak ezartzeko gai ez izatea, bertako kolektiboek euren errealitatea ezagutzeko duten eskubidea argi eta garbi urratzea da.

Muga horiek kontuan hartuta, Euskal Herriko adinekoen egoerara eta pentsio-sistemetara hurbil gaitezke.

Pentsionista guztien kopurua, euren modalitate guztietan, 655.746koa da eta biztanleen %21,65ak diruzko prestazioren bat jasotzen du pentsio-gisa. Lurraldeen artean ez dago alde handirik pentsionisten kopuru osoarekiko portzentajeari dagokionez, denetan %20 ingurukoa baita. Hileko bataz besteko pentsioaren zenbatekoa 876,24 €koa da.

Gizarte Segurantzako sistema propioa izateko Euskal Herritik egiten den eskaeraren aurka, euskal subiranotasunaren aurkako korronte ideologikoek behin eta berriz esaten dute “Gizarte Segurantza eta pentsioen euskal sistema propioa bidera ezina dela”.

EAEn (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) pentsio- sistema bideragarria ez dela adierazteko argudioa diru bilketaren eta gastuaren arteko diferentziak %8 inguruko defizita izatea da.

Gastuan honako ordainketa hauek sartzen dira: pentsioak, gaixotasunagatiko bajak, amatasunagatiko prestazioak/ haurdunaldiko arriskua eta familiako laguntzak. Superabita duten kontu-sailak ez dira aipatu ere egiten, esaterako, langabezia sistema eta Soldatak Bermatzeko Funtsa (Fogasa), hau ere soberakinduna.

Egungo enpleguen ordez askoz soldata baxuagokoak jartzeko txandako kontratuagatiko erretiro partzialetan Gizarte Segurantzako gastuaren erabilera “Desdoikuntzan” zer eragin izaten ari den ere ez da aztertu. Kotizatzen hasten direnak baino soldata handiagoko kotizatzaileak irtetea eragiten du horrek, gainbalio pribatu handiagoen mesedetan.

GSINek emandako datuen arabera, Hegoaldean honako hau da ordaindutakoaren araberako pentsioen sarrera eta gastuen zerrenda.

Ikus daitekeen bezala, 2001tik 2007ra bitarteko sarreren bariazioa %37,68ko gehikuntza da eta gastuen bariazioa %52,41koa.

Hala ere, gastuen eta sarreren arteko erlazioa positiboa da Hegoalderako. Azken sei urteetan, Hegoaldetik egiten diren kotizazioengatiko sarreren eta lau euskal lurraldeetako pentsionisten ordaindutakoaren araberako pentsioen gastuen arteko balantzea positiboa izan da, joera alde hori pixkanaka-pixkanaka murriztekoa den arren. Kostuak handitzeko joera horren arrazoia biztanleria zahartzea eta, ondorioz, lurralde horietan kobratzen diren prestazioak gero eta handiagoak izatea da.

Joera hori da sistema propioa izatearen bidera ezintasuna defendatzen dutenen oinarrizko argudioa. Baina egia da Euskal Herrirako Gizarte Segurantza propioa izateko eskaeraren aurkako jarrera hori gure historiako beste hainbat fasetan ere egon dela. Lehen, ondorioa bera zen, baina arrazoiak ez. Lehen, kontuak oso positiboak zirenean, Gizarte Segurantza propioa aldarrikatzea ez-solidariotzat jotzen zen. Orain, berriz, sistema propioa aldarrikatzen denean, ekonomikoki bidera ezintzat jotzen da.

Gizarte Segurantza sistema propioa diseinatzeko orduan kontuan hartu behar dira aurreko aldietako sarrerak eta etorkizuneko diru iturriak. Baina, batik bat, aberastasuna birbanatzeko mekanismoak hartu behar dira kontuan. Euskal Herrian 303.950 pentsionista dira pobrezia larriko (94.781 lagun) edo erlatiboko (209.169 lagun) egoeran bizi direnak. Pentsionista guztien kopurua 655.746 lagunekoa dela kontuan hartuta, ia erdiak pobrezia egoeran bizi direla esan dezakegu.

Iparraldeari dagokionez, ezin dugu kuantifikatu zenbat lagun bizi diren egoera horretan, baina ordaindutakoaren araberakoa ez den pentsioa edo ASPA izenekoa kobratzen duten guztiak eta bataz bestekoa adinako ordainketaren araberako pentsioa edo txikiagoa kobratzen duten emakumeak (gizon eta emakumeen artean alde handiak daude) pobrezia egoeran bizi dira.

Gizarte Segurantzako sistema propioak egoera horretatik abiatu behar du eta errentak birbanatzeko sistema gisa funtzionatu ahal izan behar du, aurrekontu publikoek ere parte hartuz. Gizarte Segurantzako sistema propioa diseinatzeak gizarte aseguruen sistema publikorako funtzio birbanatzaile berri bat pentsatzen lagundu behar du. Gaur egungoak oinarrizko estaldura ekonomiko garrantzitsua ematen dio pertsona askori baina ez da eraginkorra aberastasuna banatzeko orduan. Pentsionisten portzentaje handi batek pairatzen du maila desberdineko pobrezia.

Lehen adierazi den bezala, Hegoaldeko pentsionisten erdia baino gehiago pobrezia atalasearen azpitik bizi da. Zentzu horretan, berriz ere emakumeek pairatzen dituzte eskasia maila handienak, izan ere, ordaindutakoaren araberakoak ez diren pentsioak, alarguntasunekoak eta etxeko langileenak dira baxuenak eta gaizkien ordaindutakoak. Euskal Herriko kolektibo garrantzitsu horretan bere krudeltasun osoan islatzen da genero desberdintasuna; emakumeen artean izaten dira pobrezia, bakardade eta eskasia egoera larrienak, bai baldintza ekonomikoei dagokienez eta bai osasunaren, gizarte harremanen eta lanaren inguruko egoerei dagokienez. Emakumeak behartsuago dira, lan gehiago egiten dute eta bakartiago eta gutxiago zainduta daude.

Euskal Herri osoan, emakume pentsionistek gizonezko pentsionistek baino diru sarrera txikiagoak dituzte. Hegoaldean honako hau da ordaindutakoaren araberakoa ez den pentsioa jasotzen duenaren profila: emakumea (%65), bikotekiderik gabea (erdiak baino gehiago) eta 70 eta 79 urte bitartekoa (%52). Gainera, 85 urtetik gorako pentsio-mota horren titularren %91 emakumeak dira. Pentsio horien zenbatekoa 300 euro ingurukoa da. 70 urtetik gorako emakume asko bakar-bakarrik bizi dira, bizitza duina egiteko behar diren baldintza ekonomikorik gabe.

Bada hazten ari den beste talde bat, “laugarren adina” izenekoa eta premia espezifikoak dituena. 85 urtetik gorako pertsonak dira. Asko bakarrik bizi dira, harreman sozial gutxi dituzte eta bai euren etxebizitzan eta bai ingurunean moldatzeko arazo handiak dituzte. Hiri eremuak are eta gogorragoak eta zailagoak dira pertsona horientzat, euren etxebizitzak eta auzoak ez baitaude egokituta dituzten mugikortasun arazoetara.

Herritarren segmentu horrentzako gizarte zerbitzuen eskaintza publikoa eta pribatua handitzen ari den arren, oraindik ez da nahikoa eskariaren egungo premien estaldura lortzeko. Egungo premia gehienak laguntza informalaren bitartez (familiarena gehien bat) ari dira estaltzen, baina familien dedikazio horrek bere kostu sozialak ditu eta emakumeengan dute eraginik handiena. Administrazioak aurrea hartu behar du adineko pertsonen egungo eta etorkizuneko premiak gogobetetzeko baliabideak sortzeko orduan eta ez gaur egungo eskuhartze subsidiarioko politikarekin jarraitu familiak erantzun ezin duen edo behar adina baliabide ez duen kasuetan.

Euskal Herriak elkartasun sozialeko erakunde propioa izateko eragozpenaren atzean gizarte segurantzaren aparatuaren kontrolak duen finantza eta gizarte mailako garrantzia dago. Garrantzitsua da finantza ikuspuntutik baina baita kontrol politikoaren ikuspuntutik ere. Gaur egun, oraindik, herritar askok opari gisa hartzen ditu prestazio horiek eta ez eskubide gisa.

Adineko pertsonen kolektiboan erreparo handiak daude iritzi politikoak adierazteko edo jarrera ideologikoei buruzko iritziak emateko. Horrek ez du esan nahi pertsona horiek euren iritzi eta ideia politiko propiorik ez dutenik baina, bizi esperientziaren ondorioz -Hegoaldeko adineko pertsona gehienentzat, euren bizitzako zatirik handiena frankismo garaian igaro da-, mesfidatiak dira eta askok eta askok ez dute euren burua eskubide osoko herritar gisa ikusten. Ez dugu ahaztu behar kolektibo hori Euskal Herriko herritarren ia %20 dela eta hauteskundeetan izaten duten jokabidea erabakigarria izaten dela. Horregatik, administrazioa kontrolatzen duten alderdiek makilaren eta azenarioaren politika egiten diete, hau da, jendaurreko adierazpenetan gauzak agintzen dizkiete eta mimatu egiten dituzte eta, aldi berean, jasotzen dituzten prestazioak murriztearekin mehatxatzen dituzte. Beraz, ez da harritzekoa kolektibo horretako ia %40k (Hegoaldean) administrazio bakar batez ere ez dela fidatzen adieraztea, ez administrazio zentralaz ez autonomikoaz. Dena den, aipagarria da %62 lau herrialdeentzako gizarte segurantza sistema sortzearen aldekoa izatea.

Gizarte Segurantzaren sistema propioa aldarrikatzea, bestalde, sistema publikoaren gutxiegitasuneko eta pentsio- sistema pribatuekin osatzeko mehatxuzko giroan ematen da. Esanguratsua da gizarte segurantzaren sistemaren ustezko bidera ezintasuna edo iraun ezintasuna prestazio eta aseguru sistemaren birmoldaketa ez-solidario interesatu batean erabili nahi izatea. Iraun ezintasunaren soluzioa pentsiofunts pribatuetan inbertitzea eta aurreztea izan dadin nahi da eta, horrek, batetik, pentsioen sistema publikoaren deskapitalizazio handiagoa eragiten du eta, bestetik, finantza sistemaren dinamika espekulatzaileak langileriaren baliabide propioekin indartzen ditu.

Paradoxa handi baten aurrean gaude: bizi itxaropena luzatzea eta erretiro aldiko bizi baldintzak hobetzea lorpen handiak izan dira baina, orain, sozialki ezin eutsizko egoera gisa planteatzen dira. Gizarte Segurantza Sistema duina gizarte osoarentzako mehatxua dela adierazten duen irudia ari da eratzen eta 65 urtetik gorako pertsona guztiek etorkizunean pentsioduinak izatea bidera ezina dela eta, ondorioz, aseguru pribatu propioa izan beharko dutela ari da transmititzen, pentsio-funtsak, alegia.

Gizarte Segurantzaren sistemak berekin duen elementu ahaltsuenetako bati gizarte ikuspegitik erasotzea da hori: Gizarte Segurantzaren Sistemak berekin du arriskuak sozialki partekatzen direneko ideia eta belaunaldien artekoa ere baden elkartasuneko sistema kolektibo baten zati gisa ikusten da etorkizunaren aurreko ziurgabetasuna. Aseguru pribatuek ez dute ekonomikoki soilik deskapitalizatzen gizarte segurantza, ideologikoki ere deskapitalizatzen dute eta neurri handiagoan, gainera. «Elkartasun kolektibo eta belaunaldi artekoak ez du balio, ez da baliagarria. Salba ezazu zeure burua», hori da mezua.

Bizi luzetasunaren lorpen soziala manipulatu egiten da mehatxua, menderapen ideologikoa eta dualtasun sozial gehiago sortzeko. Horrela, kolektibo horren zati handi bat, gasturako sektore potentzial garrantzitsu gisa detektatu duten enpresa ekimenen xede den bitartean, erretiratu eta pentsionisten beste %50 pobrezia egoeran edo horren arriskuan bizi dira.

Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.

pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain