Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2009: Sar hitza

KRISIAK ZAILA DAKAR

Igarotako urtea, 2009, nonahitik ikusita ere, urte latza izan da. Ekonomia eta gizartea azturetan, esan genezake bereziki urte zaila eta luzea izan dela. Krisialdiak gogor astindu ditu eragile ekonomiko eta sozial guztiak, Euskal Herrikoak ere. Horrek nork bere defentsa-jarrera piztu du eta bakoitzak bereari eusteko moduak bilatze-lanetan murgildu da.

Xabier Isasi Balanzategi
Gaindegiako Lehendakaria

Joandako urtea ez da izan Euskal Herriaren eraketa eta garapenerako urtea. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen aurkako ekimen judizialak edo Rafa Diez Usabiaga sindikalista esanguratsua eta Gaindegiako Zuzendaritzako kidearen kartzelatzea diogunaren adibide batzuk besterik ez dira. Euskal Herriko lurraldeen arteko banaketa areagotu egin da, eta ez bakarrik eguraldietako mapetan, batez ere, krisialdiari aurre egiteko politika bateratuetan.

Edozein modutan, krisi garaiak agerian ipini du, berriro ere, zein diren garrantzitsuak dimentsio ekonomikoak eta sozialak Euskal Herria biziberritzeko. Gaude, Euskal Herriak, bere osotasunean, batera joez gero krisialdiari aurre egiteko lanabes gehiago eta indar handiagoak izan genitzakeela. Ez du zentzu handirik lurraldeen arteko lehia izateak problema bertsuei erantzun bateratua eman behar zaienean. Ez du zentzurik estatuen mendekotasuna, krisialdia areagotu besterik egiten ez duenean, Espainiakoaren kasuan, edo, Frantziakoan, estatuaren interesen arabera Iparraldea sakrifikatzen duenean.

Krisiak joan, krisiak etorri, Gaindegiak bost urte bete ditu. Bost! Atzera begiratuz gero, ereindako behategiaren hazia ernatzen ari dela esan dezakegu. Gaindegiaren eskuetan ipinitako baliabideak zuzen eta eraginkor erabili ditugu. Argitalpen hau, hirugarren urtez, adibide horietako bat da.

Dena den, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizartearen garapenerako Behategia beharrezkoa dela agerian jarri badugu ere, laguntza eta babes handiagoak behar ditu. Euskal Herri osoko informazio nahikoa eta kalitatezkoa biltzea eta ustiatzea posible dela erakutsi dugu. Aurrerantzean, ostera, Euskal Herria biziberritzen duten eragile ekonomikoak eta sozialak lankidetza eta saretze lanetan aurrera urrats sendoagoak egin behar dituztelakoan gaude. Azken buru, eragile horiek baitira behategiaren behineneko euskarria. Hala bedi.

Jaitsi dokumentua pdf-an.

Aurkibidera itzuli.
TxostenaTamaina
GT09_SARHITZA.pdf44.79 KB
pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain