Gaindegia testu logoa
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia

Gaindegia Txostena 2009: Hitzaurrea

Irakurle hori;
Hementxe duzu Gaindegia Txostena 2009: Euskal Herriko ekonomian eta gizartean 2009an gertatutako alderdi garrantzitsuenei buruzko txosten on bat. Ez da ohikoa –hobeto esanda, ia ezinezkoa da– era honetako lanak edo informazio zehatzak aurkitzea, non Euskal Herria osoa aztertu eta behatzen den. Hori da informazioaren eta argitalpenen errealitate gordina eta, batzuentzat, tristea. Horrenbestez, horixe da, nire ustez, azterketa honen lehen bertutea, eta niri hitzaurrea idaztea egokitu zait.
Lan honetan, politika- eta administrazio-mugak alde batera utzita, urteko ikuspegia adierazten da, euskaldunak zenbait alderditan nolakoak garen eta nola gauden azaltzeko. Agian, ikusten duguna ez dugu gogoko. Beste batzuek –horiek ere euskaldunak– ez dute ikusi nahi oro har horrelakoak garenik eta horrela gaudenik, baina, hala ere, hor gaude. Eta hau da 2009an gertatu zaiguna.

Juan Mari Ollora Otxoa de Aspuru
Ekonomialaria

II

Xabier Isasi Balanzategi Gaindegiako presidenteak bidalitako idazki batean jaso nuen hitzaurrea idazteko enkargua. Testu horretan, hau idatzi zidan, hitzez hitz: “Egin beharreko lana argitalpenaren HITZAURREA idaztea izango litzateke. Iruzkin pertsonala egin behar da, 2009ko ekonomian eta gizartean deigarrien iruditutako arazoak ardatz hartuta”.

Normalean esanekoa naizenez, enkargua betetzen saiatuko naiz, enkarguaren metodologiari eusten saiatuz (hau da, 2009an deigarrien iruditu zaizkidan gaiei buruz hitz egitea), baina lizentzia txiki bat hartuko dut: 2010. urteari eta gerta daitekeenari buruz ere hitz egingo dut.

Goazen bada.

III

Ekonomia- eta gizarte-arloan, 2009. urtea behea jotzearena izan da. Ez da izan ekonomia-parametro edo -aldagai positiborik, ezta bat bera ere. Paisaia ilun horretan, gertaera hauek txunditu naute.

a)

Ekonomia-area eta -gune nagusietako banku zentralek koordinazio handiz eta bat eginez jardun dute, depresio handiaren itxura zuen egoera eraldatzen saiatzeko, eta egoera hori ekonomia-atzeraldi larria bihurtzea lortu dute. Gertaera horrek adierazten du zein gertu egon garen ekonomia- eta/edo gizarte-hondamenditik, gizadi osoarentzat ezin aurreikusiko ondorioak eta gertaerak eragingo zituen egoeratik.

B)

Ikuspuntu teknikotik, banku zentralen (Erreserba Federala, Europako Banku Zentrala, etab.) jardunari dagokionez, izugarri deigarriak iruditu zaizkit ezarritako neurrien erabakitasuna eta exekutibitate gorena. Hortxe jarraitzen du krisiak, eta konpontzen ari da dirua asmatuz eta munduko finantza-sistema diruz estaliz, eta, beraz, sistemaren moneta-oinarria imajinaezinezko proportzioan handituz. “Dirua helikoptero batetik botaz, hala behar izanez gero”, Ben S. Bernanke AEBko Erreserba Federaleko presidentearen hitzetan.

C)

Ni bai inozoa. Uste nuen dena ikusita nengoela, kontu publikoen kudeaketari eta kudeatzaileei (politikoei) dagokienez. Baina oker nengoen. Beste behin, agerikoa da bizitza publikoan mugagabea dela autoengainurako eta/edo zinismorako ahalmena. Ez baitagokio beste kalifikaziorik Espainiako Gobernuak krisia kudeatzen izan duen jarrerari: zinikoak dira, edo ezgai hutsak. Lehenik eta behin, krisi-egoerari dagokionez, behin eta berriz ukatu dute horrelakorik zegoenik, gero aitortu behar izateko, gaizki eta berandu. Geroago, bide erdian, neurri urriak, ez-eraginkorrak eta gaizki pentsatuak aplikatu dituzte.

Izan ere, duela asko zegoen iragarrita Espainiako ekonomian krisia izango zela. Norabide okerrean (neurrigabekeria higiezinen sektorean) eta garapen-eredu desegokiak erabiliz izandako gehiegizko hazkundeak eragindako krisia zen (eta da), argi eta garbi. Eredu horien ezaugarriak hauek ziren: kontsumoaren eta inbertsioaren hazkunde-erritmoa barne-aberastasunaren sorrera baino handiagoa izatea; hazkundea, beraz, kanpo-zorpetzean oinarritzea, nahikoa barne-aurrezki ez izateagatik, etab. Grifoa ixtean –kanpo-zorpetzera jotzeko aukera, alegia–, nazioarteko finantza-sistemaren krisiaren ondorioz, den-denak porrot egin zuen.

D)

Nire ustez, 2009. urtea finantza-ekonomiaren eta ekoizpen-ekonomiaren arteko erabateko hausturaren urtea ere izan da. Zerbait argi eta garbi geratu bada, hau izan da: herrialde garatu gehienetako botere publikoentzat lehenak (finantza-ekonomiak) garrantzi handiagoa duela bigarrenak (ekoizpen-ekonomiak) baino. Krisiaren hasiera-hasieratik hartutako neurri gehienak finantza-sistema salbatzera bideratu dira.

Laguntzak, besteak beste, likidezia-injekzio handiak, ehuneko zerotik gertuko interes-tasak eta banku-sistemarentzako laguntza eskuzabalak izan dira, bankuek beren balantzeak txukuntzeko eta ustiapen-kontu kaskarrak berreskuratzeko. Baina hori guztia baliabide publikoekin egin da, sektore pribatuak jarritako eta ekonomia erreal eta eraldatzaileak sortutako baliabideekin (aurrezkiaren eta zergen bidez), eta eragile horiek (enpresaburuek) ez dute jaso dagokien ordaina, kredituen bidez, proiektuak garatu, lanpostuak sortu edo lanpostuei eutsi ahal izateko.

IV

Zer espero daiteke 2010erako? Dudarik gabe, hazkunde-erritmoei dagokienez, oso ondo legoke ekonomia, gutxienez, bere horretan gelditzea, beherantz egiten jarraitu gabe. Izan ere, 2010erako, ez da bultzada handirik espero Barne Produktu Gordinaren (ekonomia-eremu baten hazkundea adierazteko aldagaia) osagaietatik.

Halaber, 2010. urtea ekonomiaren egiturazko ezinbesteko erreformen urtea izango da. Lan-merkatuan, pentsio-sisteman eta Gizarte Segurantzaren eredu osoan, erreforma garrantzitsuak egingo dira, batzuk sakonagoak beste batzuk baino, egoeraren beharren eta politika-koiunturen arabera.

2010. urtean, krisiaren ondorio xenofoboek eragindako gertaerak deiturikoak ere gerta daitezke. Horri dagokionez, uste dut komeni dela zentzuz jokatzea, ez dela beldurrik izan behar eskubideak eta betebeharrak orekaz aplika daitezen eskatzeko, eta ondoko herrialdeen esperientzietatik ikasi behar dela.

2010ean, nahiko nuke botere publikoek finantza-sistemari (bankuak eta aurrezki-kutxak) dioten begirunezko beldurra galtzea. Ohartu behar dugu bankuek beren sistemaren biziraupena jartzen dutela beste ororen gainetik, eta ondorioz, ez diotela lehentasunik ematen enpresa-ehuna eusteari.

Finantza-sistemak laguntza publikoak jasotzen dituenean, neurriak hartu beharko lirateke, laguntza horietatik dagokion zatia ekonomia erreal eta ekoizpenekora iristen dela bermatzeko.

Izan ere, euskal enpresa-ehunean, gaur egun, proiektu asko daude finantziazio normal baten zain, tratamendu normalizatua eskatzen, edo, hala nahi bada, finantza-sistema osoak duen adina abantaila eskatzen.

Gurera etorrita, 2010ean, euskal ekonomiaren bilakaera zertxobait hobea izango da, konparatzeko erabili ohi diren hurbileko inguruetakoa baino. Langabezia-tasa gutxiago igoko da, enplegu gutxiago galduko da eta hazkundea zertxobait handiagoa izango da. Hori guztia lortzeko, garrantzi handia izango du Frantziako eta Alemaniako ekonomien berreskuratze-maila eta -intentsitatea zenbatekoa den, bai eta euskal produktuek merkatu horietan sartzeko zenbateko indarra eta lehiakortasuna duten ere. Baldintza horiek betez gero, lehenago lortuko da ekonomia berreskuratzea.

2010. urteak zuek imajinatzen duzuen eta euskaldun guztiok nahi dugun bezalako urtea izan beharko luke. Hala nahiko nuke behintzat.

Jaitsi dokumentua pdf-an.

Aurkibidera itzuli.
TxostenaTamaina
GT09_HITZAURREA.pdf52.87 KB
pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain