Mugaren eragina. Aduanak desagertu arren, muga ugari dago indarrean Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herriaren artean. Muga kulturalek, administratiboek, ekonomikoek, azpiegituretakoek, psikologikoek... zaildu egiten dute hainbat arazori eman dakiokeen erantzuna. Muga fisikoa desagertzen ari den garaian bestelako mugak indartsu irauten dute eta hori guztia gure barne kohesioaren kaltetan dator.
Ezinbestekoa da eragile sozial, ekonomiko nahiz instituzionalek, mugaren alde batekoek zein bestekoek elkarlan bide berriak zabaltzea. Horretarako, borondate sendoa eta konpromiso zehatzak behar dira, elkarlana eskatzen duten gaiak ez dira falta.
Kohesio falta. Lapurdiko kostaldea izugarri azkar ari da hazten. Lurraldeari dagokionez bertan biltzen dira biztanle, zerbitzu eta jarduera ekonomiko ia guztiak. Bitartean barnealdea husten ari da eta zenbait kasutan lotarako auzo bihurtzen ari da. Beraz, kaltetutako eremuak bertako populazioa galtzen ari dira eta zenbait gainpopulatutako eremuetako etorkinak hartzen ari dira. Gaur egun Lapurdik duen biztanle dentsitatea (266,2 biztanle/km2) Zuberoak (21,8 biztanle/km2) eta Nafarroa Behereak (19,0 biztanle/km2) dutena baino askoz handiagoa da.
Euskararen gainbehera herritarren artean. Ipar Euskal Herrian euskarak ez du ofizialtasunik eta atzerakada larria bizi du. Euskara, bateko eta besteko euskal herritarren arteko komunikazio tresna dena, galbidean egoteak komunikazioa zailtzen du eta gure komunitatearen kohesioa eragozten. Euskaldun kopuruak emendatu eta euskararen erabilera sustatzea da gure barne kohesioa indartzeko bide nagusia.
Geroari begira. Ardura handiz begiratzen diogu etorkizun hurbilari. Aurretik aipatu ditugun arazo eta gabeziak gainditzeko bide luzea egin behar du Ipar Euskal Herriak eta erronka berriak berehala iritsiko dira. Horien artean eskualdeen arteko lehiari lotutako erronkak azpimarratu nahi genituzke bereziki. Ezinbestekoa da Ipar Euskal Herriak bere gaitasunak biderkatzea lehia horretan leku duin bat hartu ahal izateko.
Azken hitza
Euskal Herriak oinarri jasangarria duen garapen sozial eta ekonomikoa egiteko ezaugarri oso egokiak ditu. Egoki jokatuz gero Euskal Herria garapen jasangarrirako unitate izatera hel daiteke eta erreferentzia propioa eskuratu Europako Batasuna eta Mundu mailan. Horretarako, ordea, gure aukera guztiez baliatu behar. Herri gisa jokatzen asmatzea da gakoa, kohesio maila handituz, lurralde eta eragile desberdinen arteko elkarlanean sakonduz. Etorkizunak ahalegin hori eskatzen digu.
Xabier Isasi, Gaindegiako lehendakaria bere Zuzendaritza Batzordearen izenean.
2006eko azaroa