Gaindegia testu logoa
Observatory for Social and Economic Development in the Basque Country

Gaindegia Txostena 2008: Sar hitza

Komunikabideen munduan mugitzen garenok zalantzarik gabeko egia bat ezagutzen dugu: argitalpen baten lehen alea ateratzea ez da hain zaila, bigarrena ateratzea da zaila. Zenbat proiektu handi amaitu ote dira zorigaiztoko lehen ale horretan! Horregatik da hain pozgarria Gaindegiaren “2008ko Txostena” agurtzea, kasu honetan gure bigarren alea baita. Eta pozgarria dela diot, lehen eskutik ezagutu nituelako 2007ko lehen txostena argitaratzeko gainditu behar izan ziren oztopoak.

Eta gogaikarria banaiz ere, gogora ekarri nahi dut Euskal Herrian orain dela gutxi arte ez dugula tresna zehatzik izan gai sozio-ekonomiko gehienetan alderatu nahi izan ditugun estatu mailako datuak biltzeko.
Joxerra Bustillo Kastrexana
Gaindegia Txosteneko Argitalpen Batzordeko Zuzendaria

Egia da Gaindegia sortu zenetik aurrerapausoak eman ditugula helburu hori lortzeko. Esaterako, orain www.atlasa.net daukagu, duela urte gutxi batzuk izugarrizko utopia irudituko zitzaiguna.

Dena den, Txostenaren bigarren edizioari forma eman izanak ez du esan nahi oztopo guztiak gainditu direnik, ezta oztopo horietako gehienak ere. Gure herriari buruzko informazio zatikatua eta sakabanatua izaten jarraitzen dugu, ezagutzaren arlo askotan ez daukagu behar den homogeneotasunik eta, azkenik, kontabilizatzea, aztertzea eta zabaltzea interesatzen zaigun kontu gehienetaraino iristen den itzala egiten duen zatiketa administratiboa jasaten jarraitzen dugu.

Estatua duten nazioetan hain erraza dena, esaterako, lurralde osoa behatzeko ikusmira naturala duten adituak bilatzea, gure kasuan oso zeregin zaila da. Aditu asko eta onak ditugu gure dibisio administratiboetan baina oso gutxi dira errealitate nazionalari buruzko lan koherente eta dokumentatua egiteko gai direnak, edozein delarik gaia. Horren ondorioz, oso gutxi dira gure lurralde osoa hartzen duten eta beste lan osagarri batzuk egiteko oinarrizko lan gisa har ditzakegun ikerketa eta azterketa lanak.

Hala ere, ez nuke nahi inolaz ere egoerari buruzko iritzi negatiboa islatzerik. Lan asko egitea eskatuko digun eginkizun ikaragarri baten hasieran gaude. Itsas bidaietan lehen miliak izaten dira beti zailenak. Horregatik, pozik egon behar dugu gure itsasontziaren branka norabide onean jarri dugula ikusita. Gaindegiak irudikatzen duen iparrorratzaren laguntzarekin, ziur naiz portu egokira iritsiko garela eta, behin hara iristen garenean, ibilbidean jaso ditugun datuekin, gure herriaren maparik onena marraztea lortuko dugula.
Hala bedi.

Jaitsi dokumentua pdf-an.

Aurkibidera itzuli.
AttachmentSize
03_Sar hitza.pdf326.36 KB
pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain