Gaindegia testu logoa
Observatory for Social and Economic Development in the Basque Country

Gaindegia Txostena 2008: Hitzaurrea

Euskal Herria Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren ikuspuntutik

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaskuntza jarduera eta Ikerbasque Fundazioko Batzorde Betearazleko Presidente lana tartekatzen dabilela, Mari Karmen Gallasteguik minutu batzuk eskaini dizkigu Euskal Herrian Ikerketak, Garapenak eta Berrikuntzak duten garrantziari buruzko bere iritzia emateko eta gure gizartean izango duten etorkizunaz hitz egiteko.
Mari Karmen Gallastegui
Ikerbasque Fundazioko Batzorde Betearazleko Presidentea

Euskal Herriaren egungo egoerari dagokionez, ikerketa ezinbestekoa dela irizten dio Gallasteguik eta are gehiago krisi garaian.

Oinarrizko ikerketa funtsezkoa dela deritzot. Baina Euskal Herrian ezinbestekoa da eta, are gehiago, ekonomia krisi garaian, ezagutza balio gisa jartzeko esfortzua egitea, terminologia modernoan esanda. Argi gera dadila niretzat ezagutza bera baliotsua dela jada, baina horrez gain, epe laburrean arazo jakin batzuk konpontzeko aplika badaiteke, besteak beste, konputazioaren, biomedikuntzaren, ekonomiaren, kimikaren eta ingurumenaren arloan, zalantzarik gabe gizarte eraginkortasuna askoz handiagoa izango da. Arlo horretan ditugun aukerak oso zabalak dira, bi faktoreri esker: teknologia zentroen aldeko apustu handia eta geroz eta indar handiagoa duen euskal unibertsitate sistemaren aldeko apustua.

Arlo honen indarguneei eta ahulguneei dagokienez, zientzia esperimentaletan ahalmen handia dugula adierazi du katedradunak.

Giza eta Gizarte Zientzien arloa, ordea, baztertuta dugula irizten dio. Euskal Herrian, zalantzarik gabe, askoz ahalmen handiagoa dugu zientzia esperimentalen arloan. Edonola ere, Giza eta Gizarte Zientzien arloak ere zentroetan eta ikerketa taldeetan Ikerbasqueko ikertzaileak edukitzeak dakartzan abantailez goza dezan ahalegintzen ari gara. Biogunea, Nanogunea edo EHUko Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak bezalako CICak erakarpenezko elementu garrantzitsuak dira. Giza eta Gizarte Zientzien arloan ez dago horrelako zentrorik, eta hori nabaritu egiten da. Zentzu horretan, zerbait egin behar da. Bikaintasunak bikaintasunari deitzen dio, eta horrez gain, baliabideak, ekipoak eta instalazioak edukiz gero, erakarpena handiagoa da.

(...) Epe laburrera, hainbat herrialdetako 100 ikertzaile bikainek beren lanpostuak uztea eta Euskal Herrira bizitzera eta lan egitera ekartzea litzateke erronka. Ez da lan erraza, baina posible da. Kanpotik datozen eskaintzak eta Herrialdeko ikerketa talde eta zentroen eskariak uztartzea lortu behar dugu. Horrez gain, euskal unibertsitate sistemarekin konektatutako BERCak (Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak) sortzen jarraitu nahi dugu, ikerketa arlo garrantzitsuez eta enpresa, kultura eta ezagutza sektoreetarako erabilgarriak diren arloez ardura daitezen.

Ikerbasque ikerketa motorretako bat izan daiteke Euskal Herrian, baina zenbait euskal ikertzaile fundazioarekiko eszeptikoak dira.

Gehiengoak pozik hartu duela uste dut; beste batzuek, berriz, ikusminez hartu dute. Jende askok uste dute, eta ez zaie arrazoirik falta, Ikerbasquek ikertzaileak ekartzeaz gain, bertako ikertzaileak zaintzeko eta onenak bertan mantentzeko gai izan behar duela, beste zentro edo herrialde batzuetara joan ez daitezen. Ikerbasque kontziente da problematika honetaz guztiaz. (…) Ikerbasquek Ebaluazio Batzordeek aukeratutako ikertzaileak hartzen ditu arretaz, beren jatorria kontuan hartu gabe. Horrek ez du esan nahi Ikerbasqueko ikertzaile izateko eskaera egiten diguten, ebaluazioak gainditzen dituzten eta gurekin akordio batera heltzen diren ikertzaileak Euskal Herrikoak (zazpi herrialdeetakoak) izateak benetako ilusiorik egiten ez digunik. Munduko beste zentro eta unibertsitate batzuetan ikasi duten euskal ikertzaileak Euskal Herrira ekartzea erronka handia da, eta lortzen dugunean lorpen handi baten modura bizi dugu.

Ikerbasque sortu eta ondorengo urte eta erdiari buruzko gogoeta egiten:

Helburuak bete ditugu. 75 ikertzaile ekartzeko gai izan gara, eta horietako gehienak bertan gelditzeko asmoa dute. Hiru BERC sortzeko gai izan gara. Ziur gaude aukeratu ditugun arloetan ikerketa transformatuko dutela: Klima Aldaketa (BC3), Matematika Aplikatua (BCAM) eta BCBL (Brain, Cognition and Language). 2009an, politika berarekin jarraituko dugu: ikertzaileak ekartzea eta BERCak edo Bikaintasuneko Unitateak sortzea, nola Ikerbasquen, hala Euskal Herriko unibertsitate orotan.

Hala ere, ikertzaile baten prestakuntzak bi gako ditu: denbora eta mugikortasuna.

Ikertzaile bat prestatzeak denbora asko eskatzen du, nahiz eta programa ofizialek 3 edo 4 urteko doktoregoak sortzea gura duten. Ikertzaile izatea oso zaila da eta izaten ikasteak denbora asko eta esfortzu handia eskatzen du. Ikertzaile gazte batzuk oso onak dira, baina ez dute herrialdetik irten nahi, eta hori mundu global honetan ez da oso bateragarria lehen mailako ikertzaile edo ikertzaile paregabea izatearekin. Mugikortasuna ezinbestekoa da ikertzailearen lanbidean. Gazteei kanpora ateratzera animatu behar zaie, eta ondoren, itzuli nahi izateko nahikoa interesgarriak izango diren kontratu, giro eta testuinguruak eskaini behar zaizkie.

Baina Mari Karmen Gallastegik oso argi du etorkizunean zein bideri jarraitu behar zaion.

Dudarik gabe, Lisboako agendaren helburuak betetzea eta itxaropenak gainditzea. Gaur egungo krisiarekin, langabeziarekin, beldurrarekin eta ziurgabetasunarekin, batzuentzat hain abstraktuak diren ikerketan eta ezagutzan inbertitzeak pena merezi duela ulertzea ez da erraza. Hala ere, aukera paregabea da ondoren berreskuratze fasea aprobetxatu eta ekonomia jardueraren hedapenak prest harrapa gaitzan. I+G+B-n egiten dugun inbertsioak ez du gure inguruko herrialdeen maximoen azpitik egon behar. Bide horrek aurrera egiten utziko du.

Jaitsi dokumentua pdf-an.

Aurkibidera itzuli.
AttachmentSize
04_Hitzaurrea.pdf274.52 KB
pays-basque.eu GAINDEGIA. 943 30 43 65 Tel./Fax. - Posta-e.
Martin Ugalde Kultur Parkea. Gudarien Etorbidea 8, 20140 Andoain