![]() |
|
Ekonomian doktorea. EHUko irakaslea |
|
Besteak
beste, automobilgintzan eta eraikuntzan
eragina duen munduko finantza sistemaren krisiak, agerian
geratu diren funtsezko arazoek, politika ekonomikoaren hutsune
eta akatsek, eta sektore publikoen laguntza planen beharrak
eremu berri batean kokatu gaituzte. Hurrengo urteetako
adierazleek argi agertuko duten bezala, euskal ekonomiak
inguruko ekonomiek bezainbesteko atzeraldia bizi du. Ikusteko
dago krisiaren eragina zein neurritakoa (gogorragoa edo bigunagoa)
izango den eta susperraldiaren lehenengo zantzuak noiz
agertuko diren. Hori dela eta, datuak interpretatzeko garaian
agertzen diren zailtasunak eta zalantzak ez dira nolanahikoak,
baina hasitako bidea landu behar dugu, etsi gabe.
Lehenengo adierazleek biztanleriaren bilakaera
aztertu dute. 2008an, Euskal Herriko populazioak
3 milioiko muga gainditu du doi-doi; mende
honetako lehenengo urteekiko %6 hazi da. 2006an
jaiotza tasa mila biztanleko 9,8ra heldu bazen ere,
euskal populazioa zahartzen joan da (65 urtetik gorako
biztanleria populazio osoaren %18,8 da) eta Europakoa
(%16,7) baino zaharragoa da. Euskal Herriak
pairatzen duen populazioaren zahartze prozesua migrazio
saldo positiboak arin dezake. Saldo horri esker,
azken hamarkadan, 145.745 biztanle gaineratu zaizkio
Euskal Herriko populazioari.
Adierazle ekonomikoei erreparatuta, 2004-2007
epealdian biztanleko sortutako aberastasuna handia da eta Europar
Batasuneko bataz bestekoa erraz gainditzen du (5.000 euroko
aldea); Japoniakoa ere atzean uzten du. Hala ere, ez da AEBko
mailara iristen. Euskal Herriko produktibitateari dagokionez, EBko
mailatik gora dago; azken urteotan (2004-2007) tartea handitzen
joan da (7 puntu). Bestalde, esportazioen eta inportazioen gorakadak
euskal ekonomiak hedatzeko eta lehiatzeko duen gaitasuna
erakusten du. Urtebetean, esportazioak %7,8 hazi dira BPGarekiko,
eta inportazioak, berriz, %7,4. Krisi garaian kanpoaldearekiko
sustatutako mendekotasunak, ordea, hauskor eta zaurgarri bihur ditzake oinarri ekonomiko sendo horiek. Bestalde, enpresa
inbertsioa euskal BPGaren laurdena izan da 2004. urtean. I+Gko
gastua BPGaren %1,6ra iritsi da 2006an eta Europako Batasunekoaren
mailara hurbildu da. Datuak positiboak izan arren, ez digute
berrikuntza sistemaren eragileen arteko harremanen trinkotasunari
buruzko informazio zehatzik ematen. Izan ere, enpresek, unibertsitateek
eta erakundeek berrikuntza sistema sendotu eta sustatzeko
dituzten konpromisoak aztertu beharko lirateke.
Lan merkatuaren datuak hobeak izan dira 2005-07 epealdian.
Enplegu tasa %68,3ra iritsi da, Lisboako Itunak ezarritako
helburutik 1,7 puntura. AEBko eta Japoniako mailetatik hurbilago
dago orain. Emakumeen enplegu tasa %58,6an kokatu da,
EBkoaren eta Japoniakoaren pare. Langabezia tasak, orokorra
zein emakumeena, %4 jaitsi dira; hala, aurreko urteetako maila
nabarmen hobetu da. EBko langabezia tasak, berriz, %7aren
gainetik zeuden 2007an. Bestalde, 2004an, pobrezian murgiltzeko
arriskua altua zen Euskal Herrian (%15,4).
Erakundeek ematen duten gizarte babesa urria eta txikia
da, eta Europako mailara heltzeko tarte zabala dago oraindik
(BPGaren 7,3 puntu).
Hurrengo urteetako zerumugan ekaitz hodei
ilunak eta denborale zakarrak sumatzen dira, eta inolako zalantzarik
gabe, eragin hori atal honetako adierazleetan nabarmenduko
da.
|
|
Pdf-an analisiaz gain, Adierazleen Galeria Nagusia eta Lan Merkatua eta Enpresa Demografiaren inguruko monografikoak. |
Aurkibidera itzuli.
| Attachment | Size |
|---|---|
| 05_Adierazleak.pdf | 3.67 MB |
890 reads





